Otsailaren 4ean, Agate Deuna bezpera
Heldu den otsailaren 4ean, larunbatez, Agate Deuna bezpera ospatuko dugu. Euskal Herriko ohiturari jarraikiz, kantuz eta eskean arituko gara Hendaiako karriketan barrena. Arratsaldeko 5etan Les Allées etorbideko farmaziatik abiatuko gara ondoko leku hauetan kantatzerat geldituz :
- Les allées etorbideko farmazia, arraindegia
- Herriko plaza gibeleko La Poste ostatua
- Herriko etxea, plazako Bidasoa ostatua
- Portu karrikatik beheiti hartuz Maitena ostatua.
- Askatasunaren etorbidetik goiti Baleak elkarteraino.
Arratsaldeko 18:30tan Baleak elkartean krakada eginen dugu : bakoitzak jateko zerbait ekarri behar du.
Bakoitzak makila ekarri behar du eta gomendatzen dugu baserritarrez jantzirik etortzea edo bederen buruko zapia edo eta txapela janztea.
Baina nundik heldu zaigu ohitura hau ? Kristautasun aintzineko ohitura zaharra litzateke, mito paganoetan oinarritua. Neguko solstizioarekin luke harremana, izan ere, ihauteri garaian sartuz, engoitik iluntasunetik argitasunerat iraganen baikara, emeki-emeki egunak luzatuz eta gauak laburtuz joaki direlakotz. Lurraren iratzartzea ospatzen da beraz, makilaz lurrean joz eta etxez etxe horren berri emanez.
Entsegua : ortzirala, otsailak 3, 16:45ean Irandatzeko Gure Ikastolan.
Hona hemen bertsoak :
1.
Agate Deuna bezpera dugu
Amalurraren eguna
Gure herria kantuz alaitzeko
egun hautatu duguna
Makil ederra hartua dugu
bidez bideko laguna
Kolpez kolpe lurra iratzarriz
hara gure zoriona
2.
Zorion etxe huntako denei
oles egitera gatoz
atez ate gure ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz
ez gara arras aberats sosez
ezta ere oinetakoz
baina zintzurra azkarra dugu
ta kanta nahi dugu gogoz
3.
Mendi kaskoak elurrez xuri
loriopean laiotza
etxe huntako famili handiak
urrezkoa du bihotza
umore onak kendua gaitu
eskean hasteko lotsa
sosik ez bada ez gaitu inportik
hartuko dugu bildotsa


ep ! irudi bat jarri diot berez artikuluari baina ez da hemen agertzen. Norbaitek esaten ahal dit zergatik ?
Milesker Maddiane
Pozten naiz Agate Deuna bezpera ospatuko dugula eta. Jakin dut ikastolan jadanik elkartu direla errepikapena musikariekin egiteko…
Beraz, Peio edo ikastolako beste norbait…esango al diguzue zein tenoretan, nun izan behar dugun? eta makilatik aparte zer eraman behar dugun?
Miren
Mugati.com… nun zineten?
Biba eta Gora ikastola mila aldiz!
Hainbeste guraso eta haur. Zertarako hitz egin transmisioaz? Errexagoa da mila aldiz gauzatzea. Parte hartu eta kitto! Gainera ondo pasa, kriston krakada egin eta hotza…neurri, neurrian…
Zein da hurrengo deialdia elgarrekin egoteko besta giroan?