Bernardo Atxagaren “Hitzen heriotza” poema

Urtarrila 13, 2012 @ 15:47 josu

3493190615_7821c603ae_z




Hitzen heriotza

Holaxe hiltzen dira
Antzinako hitzak:
Elur malutak bezala,
Airean zalantza eginez
Instant batez, eta lurrera eroriz
Kexurik isuri gabe.
Esan beharko nuke: ixil ixilik.

Non ote dira tximeletari
Deitzeko ehun era haiek?
Biarritzeko itsasertzean
Jaso zuen Nabokovek
Izenetako bat: `miresicoletea´.
Begira orain, maskor puxketa
Bezala dago hondarpean.

Eta ezpainak, mugitzerakoan
Hara hor miresicoletea
Arrosaren gainetik hegan
Esaten zutenak,
Aspaldiko ume haienak,
Gure gurasoen gurasoenak,
Lo daude betiko.

Zuk diozu: Greziako
Harrien gainetik nenbilen oinez,
Euri lanbroa ari zuen;
Tenpluetako gidariek
Xira horiak zeramatzaten
Mickey Mousen marrazkiarekin.
Jainko zaharrak ere lo daude betiko.

Eta diozu, gainera, hitz berriak
Gai baldarrekin eginak daude,
Eta plastikoa aipatzen duzu,
Poliuretanoa, kautxo sintetikoa.
Zabortegian bukatuko dute, diozu
Ez ote zabiltza triste xamar
Pentsamendu horiek buruan.

Baina begira egiezu
Etxe atarian garrasika
Jostatzen ari diren umeei.
Entzun zer esaten duten:
Zaldia Garatarera joan zen.
Zer da Garatare?, diot.
Hitz berri bat, diote.

Beti ez dira hitzak, beraz,
Industria eremu bakartietan
Edo propaganda bulegoetan sortzen;
Sortzen dira barre artean ere
Txikori belarraren ilaunak bailiran:
Begira nola doazen zerurantz,
Begira nola ari duen elurra goraka.

Bernardo Atxaga

3493190615_7821c603ae_z, Beowulf Sheehan, Creative Commons BY-NC-ND
RSS

Iruzkinak (0 Iruzkina)

Idatzi hemen zure iruzkina

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

Harpidetu

Jaso sarrera berriak eposta bidez.